Tolosa, 2019/11/22
Retinosis Gipuzkoa Begisare elkarteak Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolako ikasle talde bati erretinosi pigmentarioari eta ikusmen murriztuari buruzko formakuntza saioa eskaini die joan den azaroaren 22an. Zehatzago, Osasun-dokumentazioko eta Administrazioko Goi-Mailako zikloko 43 ikasle bildu dira sentsibilizazio tartean parte hartzera, gaia irakasleekin gelan landu ondoren.
Gazteek arretaz jarraitu dituzte azalpenak, izan ere osasun alorreko administrazioari bideratutako lanbidea ikasten ari dira, hortaz, etorkizunean ikusmen urritasuna duten pertsonekin elkar eragiteko aukera izan lezakete.
Helburua, ikusmen urritasuna zer den eta eraginda dauden pertsonek eguneroko bizitzan dituzten irisgarritasun arazoak, zentzurik zabalenean, ezagutaraztea izan da.
Lehenengo atalean, erretinosiari eta honen sintomei buruzko aurkezpena egin da, baita ikusmen murriztua zer den azaldu ere, legez itsuak eta erabat itsu direnekiko ezberdintasuna zehaztuz. Aurkezpena burutzeko, ikusmen urritasuna dutenekin elkar eragiten eta laguntzen ikasteko ikus-entzunezkoa proiektatu da.
Ondoren, ikasleak gaixoen azalean sartu dira errealitate birtualeko betaurrekoen bidez sintomak esperimentatuz. Aurpegian kono bat jarriz, erretinosiaren sintoma tipikoa den tunel moduko ikusmena probatu dute. Tarte batez itsu ere izan ziren eta beren zailtasunak bizi, antifaza jantziz.
Amaitzeko, gazteek esperimentazioan zehar nola sentitu diren adierazteko parada izan dute baita gaixotasuna pairatzen duten kideei galdera sorta egiteko ere. Begisareko kideek ikasleei ikusmen murriztua duten pertsonen irisgarritasuna hobetzeko proposamenak luzatu dizkiete, guztiak ere etorkizunean nork bere lanpostutik aplikatzeko.
Ikasleek gaiarekiko interes handia agertu dute eta agerian jarri da ikusmen urritasunaren alorrean etorkizuneko profesionalak trebatzeko beharra ez ezik, ezinbestekoa dela eraginda dauden pertsonek bizi duten errealitatearekin harreman zuzena.