Apirilean eta maiatzean Retinosis Gipuzkoa Begisarek hainbat ekintza burutu ditu Irunen bertako biztanleak ikusmen murriztuarekiko sentsibilizatzeko, bereizgarria zabaltzeko eta ikusmen-akatsak dituztenekin giza-interakzioa hobetzeko.Kanpainaren ardatz nagusia apirilaren 1etik 13ra Palmera Montero Gunean “Ikusmen murriztua bizi ezazu” izenburuko erakusketa izan da, Irungo Udalaren laguntzaz antolatua.
Elkarteko kideok hainbat azalpen eman ditugu sintoma ezberdinak zehazten dituzten argibide-taulen bitartez. Halaber, herritarren artean ikusmen murriztua zer den zabaldu dugu, “Ikusmen Murriztua Dut” bereizgarriak zertarako balio duen, eta Tengo Baja Visión eta Tengo Baja Visión VR APPen bitartez ikusmen murriztua duten pertsonen lekuan jarri ahal izan ditugu bisitariak. Material guzti hauek, bereizgarria barne, Retinosis Gipuzkoa Begisare elkarteak berak garatutakoak dira.
Erakusketa-gelaren aldameneko aretoan, apirilaren 4an herritarrei zuzendutako hitzaldia antolatu genuen. Ekitaldian gure elkartearen jardueraren nondik norakoen berri eman zen baita ikusmen murriztua sortzen duten gaixotasunen inguruko informazioa azaldu ere. Azkenik, Ikusmen Murriztua Dut proiektua hizpide izan zen: bereizgarriak zertarako balio duen eta nola-elkar eragin daitekeen ikusmen urritasuna duten pertsonekin. Hartara, gure elkartearen materiala erabili genuen, mezuak modu erraz eta atseginez helarazteko propio sortutakoak.
Bigarren ardatza, hirian “Ikusmen Murriztua Dut” bereizgarria ezagutzera ematea izan da, Ikusmen Murriztua Dut _ Hemen kontuan dugu lelopean eta horretarako Mugan eta Bidashop merkatarien elkarteen laguntza izan dugu. Gure Elkarteak ikusmen urritasunaren inguruan dituen liburuxkak baliatu ditugu: Zer esan nahi du bereizgarri honek?, Ikusmen Murriztua bizi ezazu APPak eta Nola Elkar Eragin Nirekin. Retinosis Gipuzkoa Begisareko bolondresek merkatariei zuzenean informazioa azaldu diete. Harrera primerakoa izan da. Era berean, eta mugarik gabeko epean, aipatu leloko pegatina saltokietako sarreran itsasi dute, ikusmen urritasuna pairatzen dugunoi eguneroko bizitza errazteko.
Lurraldebusek ekarpen garrantzitsua egin du erakusketa eta Ikusmen Murriztua Dut bereizgarria bere karteletan eta eskualdeko autobusetako pantailen bitartez zabalduz, DVbus-en laguntzaz.
Gainera Iruneko eskola ezberdinek ere, parte hartu dute kartelen difusioan. Horren adibide Dunboa ikastetxea, Eguzkitza LHLI eta San Vicende de Paul izan dira.
Azkenik, Retinosis Gipuzkoa Begisarek publizitate kanpaina burutu du autobusetako markesinetako iragarkietarako espazioetan. Karteletan, bereizgarri grafikoarekin batera “Agurtzen ez bazaitut, kontuan hartu” bezalako testuak ageri dira. Eraginkortasuna handia izan dutelakoan gaude, eta, hala, zalantzarik gabe ikusmen murriztua dugunok “ulertuagoak” sentitzea lortu da.
Bestalde, maiatzaren 15ean, kanpaina amaitzeko, Irungo Udaleko Hiritarra Atenditzeko Zerbitzuko langileek Elkarteak antolatutako formakuntza saio batean parte hartu zuten.
Retinosis Gipzukoa Begisarek landutako ikus-entzunezkoa baliatu genuen eta Ikusmen Murriztua Dut APPari esker zein erretinosi pigmentarioa simulatzeko konoei esker langileek ikusmen urritasuna dugunon azalean jartzeko aukera izan zuten. Aurrerantzean, ez dute zalantzarik egingo artatzeko orduan elkar eragiteko eta gidatzeko Xede hori lortzeko, oso eraginkorra izango da nork bere mahaian Ikusmen Murriztua Dut-Hemen kontuan dugu ipiniko duen pegatina.
Kanpainak oihartzun handia izan du herriko hedabideetan
Diario Vasco
Antxeta irratia
Radio Irun
Noticias de Gipuzkoa
Teledonosti Bidasoan
Conecta Bidasoa
Kanpainaren parterik handiena amaitu bada ere, Retinosis Gipuzkoa Begisareko bolondres talde batek merkatarien artean informazioa eta pegatinak banatzen jarraituko du.
Eskerrak eman nahi dizkiegu sentsibilizazio kanpaina honetan lagun izan ditugun guztiei: Irungo Udala eta udal langileak; Mugan eta Bidashop merkataritza elkarteak eta merkatariak zein ostalariak (elkarteetako bazkide zein bazkide ez direnak); Lurraldebus eta DVbus; hedabideak; kanpainaren babesleak, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Irungo Udala eta Kutxabank Fundazioa. Eskerrik asko, batez ere, irundar guztiei ikusmen murriztua zer den jada badakizuelako eta KONTUAN HARTZEN DUZUELAKO.